top of page

Xubanek tratuen egiteko bide berria aurkitu du: izarrak hartu eta jendeari saltzea. Marketing kanpaina bizia egin du, herritar bakoitza bere izarraren ukaitera konbentzitzeko. Hasieran denak kontent ziren, baina gero izarrak agortzen hasi ziren eta jende batzuk gabe gelditu; izarrak zituztenak aspertu ziren… Hortik gatazka sortu zen, eta batzuek aldarrikatu zuten izarren lekua zerua zela, ez kaiola. Izarrak “askatu” zituztenak preso sartu zituzten, baina azkenean Xubanek berak ikusi zuen mundua tristeago zela zeruan izarrik gabe, eta izarren libratzea erabaki zuen.

Gaur kazetan ari da Eñaut Oihenart, urtetan Euskal Herritik urrun ibili ondotik, fisikoki nahiz gogotik. Xalbat Barnetxe laborari eta militante zailduak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori.
Théodore Vermandois azken biztanlea izan duen jauregi horren historiak biltzen ditu Nafarroako erresuma ahantzia eta Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia.
Eneko Bidegainek, literaturara itzulirik, goranahi handiko istorio bat asmatu du, irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat ez ezik, egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeria zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak, euskararen patua…

bottom of page